Anbulatorioko zerbitzuen inguruan argibideak

Gaur egun bizi dugun osasun larrialdi egoerak Osakidetzak eskaintzen dituen zerbitzuen berrantolaketa eragin du eta horren harira, Lezoko anbulatorioak, beste herrietakoak bezala, aldaketak izan ditu bere zerbitzuetan. Aldaketa horiek ondorengoak dira:

  • Hitzartutako aurrez-aurreko kontsultak bertan behera gelditu dira.
  • Anbulatorioko langileak telefonoz artatzen dituzte pazienteak: eguneko 70-80 kontsulta telefoniko inguru burutzen ditu. Pazientearekin telefonoz hitz egin ostean balorazio bat egiten da pazienteak etxean gelditu, osasun zentroa joan edota osasun langileak pazientearen etxera mugitu behar duten erabakitzeko. Etxean geratzeko eskatuz gero, 48/72 ordutara jarraipen deia jasoko du gaixoak, bere eboluzioa zer-nolakoa den jakiteko.
  • Soilik beharrezkoa den kasuetan eskainiko da aurrez aurreko arreta zerbitzua.
  • Edozein kasutan, anbulatoriora ezinbestekoa edo urgentziazkoa denean soilik joatea eskatzen da

Neurri horiei lotuta, bai Udalak zein anbulatorioko langileek etxean gelditzeko deia egiten die beste behin herritarrei. Norberaren burua zainduz, guztiona zaintzen dugu.

Era berean, kontsulta telefonikoak soilik beharrezkoak diren kasuetan egitea eskatzen dute, telefono sarea ez kolapsatzeko eta anbulatoriora soilik larrialdi kasuetan joateko adierazi dute, birusaren hedatzea gelditzeko eta kutsatzeak saihesteko.